Alzuaran

BEASAIN, 100m²

KAPITULU BERRI BAT, HISTORIA DUEN DENDA BATERAKO

Hilabete bakarrean, denda honek erabateko eraldaketa bizi izan du: espazio zabal baina aprobetxatu gabe bat izatetik, funtzionala, goxoa eta harmoniatsua den lan-gune bilakatu da. Baina aldaketa honen atzean bada zerbait sakonagoa: adiskidetasunaren, konpromisoaren eta elkarrekin haztearen historia bat.

Bi lagun dira, egun berean jaiotakoak, eta 2002an hasi ziren elkarrekin bidea egiten, Azkoitian lehenengo denda irekiz. 2004an lokal honetara salto egin zuten, eta ordutik, 20 urte baino gehiago daramatzate elkarrekin lan egiten. Oraingo eraberritzearekin, ibilbide hori ospatu nahi izan dute, eta euren bezero leialei eskerrak eman, urte hauetan guztietan ondoan izan direlako.

Eta euren buruarengatik ere egin dute: hazten jarraitzeko, zaintzeko, eta ordenatuago, erosoago eta politago lan egiteko. Egunero bizitzen ditugun espazioek gure egunerokoan nola sentitzen garen eragiten baitute.

Aldaketaren gakoa materialen hautaketan egon da: naturalak eta mimoz aukeratuak. Mostradorea lekuz aldatzeak zirkulazioa eta ordena hobetu ditu, eta probalekuetako kurba leunek goxotasuna eta dotorezia gehitu diote espazioari, erosketaren esperientzia atseginago bihurtuz.

Emaitza denda bat baino gehiago da: euren ibilbidearen eta lan egiteko moduaren islada da. Gustura lan egiteko gune bat, eta bisita bakoitza esperientzia goxo bihurtzen duen lekua.